Gizarte Zerbitzuetako gainerako programei begira, hizpide duguna zeharkakoa da, eta hainbat gizarte-arazo edo -premiarekin zerikusia duten faktoreei erreparatzen zaie, beraz. Hala, garatzen diren jardueretan, gizartearen geruza guztiak aintzakotzat hartzen dira: adingabeak, familiak, zailtasunak edo premiak dituzten helduak, eta adinekoak.
Horrek gure inguruko gizarte-eragile guztiekin sarean lan egitea dakar: institutuak, ikastetxeak, osasun-zentroak, gazteentzako zentroak, erretiratuen klubak, udalak, kultura- eta kirol-koordinatzaileak, gazteen elkarteak…
Orobat, dibulgatu, sentsibilizatu eta informazioa emateko jarduketak egiten dira, sare sozialen bidez, kartelak erabiliz eta koordinatzeko bilerak eginez.
PROGRAMAREN MISIOA:
Gure herrietako bizitza bultzatu eta garatzea. Horretarako, arazoez jabetzeko eta irtenbideak bilatzeko jarduerak sustatzen dira, eta asoziazionismoa, parte hartzea eta landa eremuko bizi-baldintzak hobetu daitezen bultzatzen da.
Elkar topatzeko esparruak sortzea, parte hartzea eta elkarbizitza osasuntsua sustatzen duten ekintzen eta baliabideen bitartez.
Baliabideak eta estrategiak mugiaraztea, herritarrek bizi-ohitura osasungarriak eskuratu eta garatzeko.
NOR DIRA HARTZAILEAK?
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko oinarrizko eremua osatzen duten udalerrietako herritarrak.
PROIEKTUAK ETA JARDUKETAK:
Lehenago nabarmendu bezala, programa hau zeharkakoa da, Gizarte Zerbitzuetako gainerako programei begira. Hona hemen horietako batzuk:
HARRERA-PROGRAMA:
Jarduera hauek egiten dira:
1.- BOLUNTARIOTZA
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Beriaingo boluntarioen taldeak koordinatuta lan egiten dute. Boluntarioek osasun-zentroetara laguntzen diete gaixoei, adinekoekin paseoak ematen dituzte, haiekin egoten dira, ume txikiak dituzten amei noizean behin laguntzen diete, etab. Beriainen, Ropero Solidario deritzon ekimenean, jantziak ematen zaizkie premia ekonomikoak dituzten familiei. Gaur egun, beste pertsona batzuengana ere laguntza eske jotzen dugu hainbat zereginetarako, haien laguntza behar dugunean. Esate baterako, eginkizun hauei ekin behar zaienean: Zakatin esaten zaion elkartasun-azoka. Belaunaldien arteko topaketak, eskola-laguntza emateko…
2.- INGURUKO HERRIAK DINAMIZATZEKO JARDUERAK
Zerbitzu honetan, gizarte-diagnostikoa eta -lana egitean zein esku hartzean, ikusi da gure landa-eremu honetako gizarte-errealitatean hainbat ezaugarri errepikatzen direla:
Hori dela eta, kirol-jarduera ludiko hauek antolatzen ditugu ikasturtean zehar:
TIEBAS: – YOGA.- Astearte eta ostegunetan, 16:30etik 17:30era
ARRIZABALAGA: – YOGA.- Astelehen eta asteazkenetan, 20etatik 21etara
MURU ARTEDERRETA: – YOGA.- Astelehen eta asteazkenetan, 18:30etik 19:30era
BIURRUN: -YOGA.- Ostiraletan, 19:30etik 21etara
ELO: – YOGA.- Astearte eta ostegunetan, 18:30etik 19:30era
UNTZUE: – GIMNASIA.- Astearte eta ostegunetan, 17etatik 18etara
3.- UDAKO JARDUERAK HERRIETAN
Gure herriak txikiak dira, oro har, eta biztanleria ere txikia da. Hala ere, nabarmen handitzen da udan. Hori kontuan izaten dugu, eta udari begira ere jarduerak antolatzen ditugu. Horretarako, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean diharduen arduradun politikoak lagundu egiten digu, herritarrek eskaintza atsegin al duten ikertzen du eta. Jarduerak bost herri hauetan egiten dira: Biurrun, Tiebas-Muru Artederreta, Untzue, Valle de Ibargoiti eta Elo.
4.- ZAKATIN AZOKA BERIAINEN
Zakatin dirurik gabeko azoka bat da, trukerik ez dagoen azoka bat. Doako eredu berri bat da, eta, hartan, jendeak erabiltzen ez dituen gauzak utz ditzake, eta behar duena hartu. Den-dena dohainik. Helburua jada erabiltzen ez ditugun gauzei bizitza ematen jarraitzea da. Laguntzaile ditugu Beriaingo Udala, Euskararen Alde taldea, Beriaingo jantzien elkartasun-bankua eta beste boluntario batzuk. Urtean bitan egiten da, udaberrian eta udazkenean, armairuan aldaketak egiten diren garaian, hain zuzen.
5.- GAZTELANIA ATZERRITARRENTZAT
Urterik urte, irailean, gure inguruan gaztelania ez dakiten atzerritarrek izena emateko epea hasten da. Eskolak Noaingo Kultur Etxean izaten dira, astean lau egunetan. Programa hori Noaingo Kultur Etxeko liburutegiarekin eta helduentzako Jose M.ª Iribarren eskolarekin elkarlanean egiten da. Matrikula urte osoan zehar zabalik dago. Zenbait zerbitzuk bideratuta sar daiteke programan; esate baterako, osasungintzak, kulturak eta Gizarte Zerbitzuek bideratuta. Horretarako arrazoia izaten da gaztelaniaz hitz egin edo idazteko zailtasunak dituztela, edo ez dakitela.
AUTONOMIA SUSTATZEKO PROGRAMA:
Jarduera hauek egiten dira:
1.- ELKARLANA ERRETIRATUEN KLUBEKIN
Programaren barruan, inguruko erretiratuen hiru klubekin koordinazio-lana egiten da; zehatz-mehatz, Beriain, Noain eta Elokoekin. Horrez gain, koordinazio-bilerak egiten ditugu elkarrekin antolatzen ditugun jarduerak prestatu eta ebaluatzeko; adibidez, hitzaldiak eta prestakuntza-tailerrak. Gainera, jarduera hau urtero egiten dugu:
2.- BELAUNALDIEN ARTEKO TOPAKETAK
Belaunaldien arteko lau topaketa antolatzen ditugu Noain, Beriain, Elo eta Untzueko erretiratuen klubekin. Helburua adinekoen balioa indartzea da. Hartara, hiru belaunaldien arteko topaketetan, adinekoek oinordekoekin egindako lana goraipatzea nahi da. Jarduera egiteko, lehen hezkuntzako ikastetxeek lagundu egiten digute, baita udalek ere. Ikastetxeetan, adingabeek aitona-amonei oparitzeko lanak egiten dituzte.
3.- MUSIKA-TERAPIA JUBILOTEKAN
Inguruan begiratzen badugu, musika naturaren eta gizakion parte dela ohartuko gara. Musikaren oinarrizko osagai berek (erritmoa, melodia, harmonia) gure organismoa ere osatzen dute. Bihotzaren erritmoa, sinkronizazio erritmikoa ibiltzean, gure ahotsen melodia eta bolumena hizketan ari garenean, etab. Adinekoekin abestea eta musika-tresnekin ibiltzea lantzen bada, zahartze kognitiboa prebenitzen da. Parte-hartzaileek kantatzen dituzten abestiek bizitako hainbat une ekartzen dizkiete gogora, sormena handiagotzen dute, sentimenduak aterarazten laguntzen dute… Hori guztia ez ezik, eskumuturretako eta beste gorputz-atal batzuetako artikulazioak mugitzen dituzte era horretan. Musikak adinekoen artean dituen onurei buruzko azterketen arabera, musika-oroimena da galtzen azkena, alzheimerrean eta zahartzaroko dementzian, adibidez.
Jarduera horren bitartez, prebentzioa landu nahi dugu, Jubilotekara joaten direnen osasun mental eta fisikoa hobetu, eta tarte atsegin bat pasatzen lagundu.
ADINGABEENTZAKO FAMILIA PROGRAMA
Jarduera hauek egiten dira:
1.- ESKOLA-LAGUNTZA
Ikasturte osoan zehar, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleentzat eskuragarri dago eskola-laguntza. Ondo-ondo ez daramatzaten irakasgaiak gehiago lantzeko beharra duten neska-mutilek egiten dute jarduera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko boluntario-talde bat arduratzen da, “Aprendizaje servicio” deritzon programaren barruan. Noaingo Kultur Etxean izaten da, ostegunetan, 17etatik 18:30era arte. Baliabide hori erabiltzeko, Noaingo Elortzibar Institutuak edo adingabeentzako familia programak bideratzen dute.
2.- KANPO LANA PROGRAMA
Programa hori NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN eta zenbait instituturen arteko elkarlana dela-eta abiatu da. Institutu horietako bat NOAINGO ELORTZIBAR BHI da; Noaingo, Eloko eta Ibargoitiko herrietako ikasleak joaten dira hara. Bestea MENDILLORRI BHI da, eta hara Noaingo, Beriaingo, Galar zendeako, Biurrun-Olkotzeko eta Tiebas-Muru Artederretako D ereduko euskara ikasleak joaten dira. Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udalek ere parte hartzen dute.
Ikasleak eskoletara joateko eskubidea eteteko neurria alde batera uzteko aukera bat da, jokabide disruptiboengatik edo ikastetxeetako elkarbizitzarako oso kaltegarriak diren jokabideengatik kanporatzen dituztenean. Ekimen horren bitartez, osagai positibo, hezigarri eta prebentibo bat txertatu nahi da. Hartara, ikasleei beste giro batzuetan egoteko aukera ematen zaie, eta gizarte-jardueretan, eskuekin lan egiteko jardueretan eta abarretan lagundu dezakete.
DROGA-MENDEKOTASUNEKO UDAL-PLANETAKO PREBENTZIOA
PROGRAMAREN MISIOA:
Programa droga-mendekotasunei buruzko Foru Planaren esparruan dago. Prebentzio-programa orok bezala, helburua hainbat jarduera babestu, zuzendu eta kudeatzea da, nerabe, gazte eta komunitateentzat, hezkuntzaren zein familien eremuan. Horretarako, bizitza egiten den eta elkarbizitzarako naturalak diren espazioetan lan egiten dugu: eskola, aisialdia, lagun-taldeak, familia… Programako jarduketak sarean egiten dira, gure inguruko gizarte-eragileekin. Ekintzen xedea arazo sozioedukatiboak txikiagotzea da, oro har, eta drogen kontsumoa murriztea, zehazki. Horretarako, herritar guztiekin lan egiten da, bizimodu osasungarria dela-eta kontzientzia har dezaten eta gaitasunak lor ditzaten. Hala, sendatzea baino prebenitzea hobe dela nabarmentzen da.
Beste jarduketa garrantzitsu baten muina banan-banako arreta da, izan pertsonekin izan familiekin. Burujabeak izan eta ahaldundu daitezen laguntzen diegu, adikzioak alde batera uzteko ohiturak aldatuz, eta beren bizitzak eta familienak antolatzeko gauza izateko.
Zer helburu ditu?
.- Jarduketen bidez, hau lortzea:
.- Osasunerako kaltegarriak diren jarduerak, ohiturak eta jokabideak aldatzea. Era horretan, droga-kontsumoaren prebalentzia txikiagotu egiten da.
.- Adingabeak ohi baino geroago hastea alkohola, tabakoa, marihuana eta mendekotasuna sortzen duten beste substantzia batzuk hartzen.
.- Kontsumo horiek eragin ohi dituzten erabilera problematikoak, arriskuak, kalteak eta ondorio negatiboak murriztea.
Nor dira hartzaileak?
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko oinarrizko eremua osatzen duten udalerrietako herritarrak.
Programak lau atal ditu:
1.- SARE-LANA
Gure inguruko gizarte-eragile guztiekin sarean lan egiten da. Esate baterako, hauekin: ikastetxeak, gurasoen elkarteak, kirola, kultura, osasun-zentroak, udalak, gazteentzako zentroak, ludotekak, gazteen elkarteak eta gazteen beste talde batzuk.
Helburua hau da:
Elkarrekin lan egitea eta baliabideak, kontaktuak eta ezagutzak partekatzea, ekintzak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen.
2.- FAMILIAK
Familiekin lan egiten da, banaka (elkarrizketak eta bidelaguntza sozioedukatiboan) eta taldean. Halakoetan, hitzaldiak eta gurasoentzako tailer hezigarriak egiten dira, gurasoen elkarteen laguntzaz.
Helburu hauek erdietsi nahi dira:
.- Familien barneko babes-faktoreak indartzea, prebentzio-eragile gisa duten zeregin hezigarria hobetze aldera.
.- Gurasoen partaidetza aktiboa eta seme-alabek ikasten duten espazioan (ikastetxeak) elkar topa dezaten sustatzea.
.- Familiei trebeziak eskuratzen laguntzea, nork bere droga-kontsumoa kudeatzeko. Orobat, ohiturak alda ditzaten sustatzea, eta, aldi berean, seme-alaben kontsumoa jorratzea.
.- Sexualitatea nola bizi duten gogoeta eginaraztea gurasoei eta tutoreei, eta tresnak ematea seme-alabekin gai horri era osasungarrian hel diezaioten.
3.- IKASTETXEAK
Ikastetxeak oinarrizkoak dira adingabe eta nerabeen artean babes-faktoreak suspertzeko. Ordu luzeak egoten dira haietan, eta nork bere izaera sortzeko oinarriak garatzen ditu, zain duen kanpoko munduari aurre egin behar diotenerako.
Helburu hauek erdietsi nahi dira:
.- Irakasleak kontzientziatzea, ikastetxeetan babes- eta arrisku-faktoreak lantzea zeinen garrantzitsua den jakin dezaten, batik bat nerabeen artean gehien hartzen diren drogen kontsumoaren ikuspegitik.
.- Ikastetxean sor daitezkeen droga-kontsumoko kasuak era hezigarrian kudeatzen laguntzea irakasleei.
.- Ikastetxeekin elkarlanean jardutea, eskola-porrota eta -absentismoa eta ikasleen jokabide-arazoak prebenitzeko.
.- Nerabeek gizartean orokortuen dauden drogak (adibidez, alkohola, tabakoa eta marihuana) hartu ez ditzaten lan egitea, edo noiz hasten diren atzeratzea.
.- Hezkuntza-komunitatean parte hartzeko ohiko espazioak (gurasoen elkarteak, irakasleak, gurasoak eta ikasleak) sustatzen jarraitzea, ohitura osasungarriak bultzatzea osasuna hobetzeko, eta prebentziorako ekimenak bideratzea.
IKASTURTEAN ZEHAR IKASLEEKIN EGITEN DIREN JARDUERAK
“DENA IRENSTEN DUZU?” TAILERRA, LEHEN HEZKUNTZAKO 6. MAILAN
Hartzaileak gure inguruko ikastetxe guztiak dira. Bi saiok osatzen dute tailerra, ordu eta erdikoa bakoitza, eta alkoholaren kontsumoa lantzen da, gure gizartean oso zabalduta baitago. Orduan hasten dira nerabezaroaurreko eta nerabezaroko aldaketak bizitzen. Helduak izateko zorian daude, eta, droga-kontsumoari begira, helduen jokabidea imitatzeko joera dute.
Helburu hauek erdietsi nahi dira:
.- Alkohola eta tabakoa hartzen hasten diren adina atzeratzea.
.- Noizean behingo kontsumoa ohiko kontsumoa bihurtu ez dadin prebenitzea.
.- Droga horien kontsumoarekin zerikusia izan dezaketen arazoak goiz detektatzea.
.- Alkohola hartzearekin lotuta dauden arriskuak murriztea.
“DROGEN KONTSUMOA PREBENITZEA” TAILERRA, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAN
Hartzaileak Noaingo Elortzibar Institutuko DBHko 4. mailako ikasleak dira. Talde bakoitzean, bi saio egiten dira. Adin horretan, alkohola eta tabakoa kontsumitzen hasten dira. Hori dela eta, ikastetxean gai hori jorratzea oso garrantzitsua da, espazio hori pribilegiatua da eta. Helduen artean kontsumoa dela-eta ikusten dituzten jokabideei buruz hausnartu behar dute, ikasleen jokabideak helduenak baino osasungarriagoak izan daitezen, eta, drogarik hartzekotan, nahi ez diren zenbait ondorioa ez eragiteko.
Tailerrean, gaitasun pertsonalak kudeatu eta gara ditzaten trebatzen dira ikasleak, drogekin lotutako arrisku-jokabideak prebenitzeko babes-faktore diren aldetik.
Helburu hauek erdietsi nahi dira:
.- Droga batzuen kontsumoari (esate baterako, alkohol eta tabakoarenari) egotzi zaien normaltasun-irudia baztertzea.
.- Norberaren zaintza indartzea, autoestimua handituz. Hala, nork bere burua zainduz erabakiko dute zer komeni zaien.
.- Erabakitzeko gaitasun pertsonala indartzea, parekoen taldeak presioa egiten duenean.
.- Alkohola edo beste substantzia batzuk gehiegi hartzen direnean, nola jokatu behar duten jakitea.
“DROGEN GAINEKO BESTE IKUSPEGI BAT” TAILERRA
Tailerra NAFARROAKO DYAko prestakuntza-arloarekin elkarlanean egiten da, Noaingo Institutuan. Hiru orduz, antzezpena baliatuz lan egiten da nerabeekin, antzerkigintzaren bidez. Hala, festa bat dagoen toki batean sortzen diren egoeretako asko jorratuko dituzte. DYAk bere ekipamendua ekartzen du, eta neska-mutilak adoretzen ditugu, antzeztu dezaten. Adibidez, honela: pertsona batek koma etilikoa izan du; beste batek sexu-erasoa jasan du; hainbat zauritu daude liskar baten ondorioz; zirkulazio-istripua gertatu da alkoholaren kontsumoagatik… Azken batean, jaiak egiten diren tokietara joan behar dutenean topatzen dituzten egoerak. Antzezten ari direnean, egoera bakoitzean nola jokatu behar den azaltzen zaie nerabeei. Horren ostean, antzeztu dituzten ondorioak dakartzaten arriskuak ez sortzeko zer egin daitekeen ere aztertzen da.
4.- NERABEAK ETA GAZTEAK
Batik bat lan egiten dugun inguruan, gazteek hainbat modutara islatzen dute beren adinaren ezaugarriak. Haiekin harremanetan jartzeko, etxabeetara, gazteen lokaletara, bertako gazteekin dabiltzan aisia-taldeetara, kultura- eta kirol-patronatuetara eta udaletara jotzen dugu.
Gure jokabidea aldatzen duten substantzien kontsumoak lotura estua du gazteek asteburuan duten denbora librearekin, jaietan-eta. Izan ere, jokabide hori oso zabalduta dago. Gure jarduketen xedea nerabeen eta gazteen arriskuak prebenitzea da.
Hartzaileak, hain zuzen ere, 12 urtetik 30 urtera arteko gazteak dira.
Helburu hauek erdietsi nahi dira:
.- Gazteen gaitasun eta abilezia pertsonalak areagotzea, aisialdi osasungarria eta sorkuntzarekin lotua sustatzeko, eta, drogen aurrean, erabaki burujabe eta arduratsuak har ditzaten bultzatzeko.
.- Estreinakoz kontsumitzeko adina atzeratzea, eta alkoholaren eta beste droga batzuen egungo kontsumo intentsiboa apaltzea, asteburuetan eta jaietan.
.- Drogak hartzeak dakartzan ondorio kaltegarrien berri ematea; adibidez, zirkulazio-istripuak, kutsatzea, indarkeria, intoxikazioak eta eraso sexistak.
“JOAN ETA ETORRI” PROGRAMA
Programa honen helburua da alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoarekin zerikusia duten zirkulazio-istripuak prebenitzea, jaiak direla bide. Uda guztietan antolatzen da, gazteak Nafarroako herrietako jaietara eramateko. Publizitatea kartelen, diptikoen eta sare sozialen bidez egiten da. Halaber, udako jaiak heldu aurretik, SENTSIBILIZAZIO-KANPAINA ere egiten da etxabeetan. Jai-giroan eskaintzen zaizkien substantzien aurrean (batzuk oso merkeak dira; esate baterako, alkohola), ardura lantzen da gazteekin. Gainera, gutxiago kontsumitzeko estrategiak ematen zaizkie, baita aholkuak ere, liskarretan edo gehiegizko kontsumoa dagoenean zer egin jakin dezaten.
Programaren hartzaileak 18tik 30 urtera arteko gazteak dira, eta adingabeei ere aukera ematen zaie (16 eta 17 urtekoei), gurasoen edo tutoreen baimena baldin badute. Txartelak Gizarte Zerbitzuen bi egoitzetan saltzen dira, astelehenetik ostegunera bitarte. Txartel bakoitzak 5 € balio du, joan-etorrirako. Gaur egun, hauek dira norakoak:
IZKO, LEDEA, GARES, LIZARRA, AGOITZ ETA TAFALLA.